XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Terminologi hustuketarako irizpideak

Arazeli Dz. de Lezana

It is notoriously difficult and methodologically well nigh impossible, to establish criteria permitting a clear distinction to be made between specialized language (or language for special purposes - LSP) and general language (or language for general purposes - LGP). Similarly, there seem to be no clear-cut criteria for distinguishing between phraseological units in LSP and LGP collocations. (Christian Galinski).

Egia da terminoen aukera eta zedarriztapenak arazoak sortzen dituela maila teorikoan zein praktikoan.

Eta ez da beti arazo guztientzako konponbiderik aurkitzen.

Hala ere, merezi du irizpide objektiboak formulatzeko ahalegina egiteak.

Bestalde, azpimarratu behar da terminologoak, bere aldetik, erabileremuaren nolabaiteko ezagutza ezinbestekoa duela, itsu-itsuan ezinezkoa bait da honelako irizpideak aplikatzea.

Testu batean azaltzen diren elementuak izaera desberdinetakoak izan ohi dira: hitzak, hitz-elkarketak, esamoldeak, lokuzioak, izen propioak, unitate lexikalak, terminoak, unitate terminologikoak, itzulpen-unitateak, esaldi-unitateak, etab.

Konplexutasunaren aldetik, bi unitate-mota aurki daitezke hustuketa terminologikoa egiterakoan: unitate bakunak eta unitate konplexuak.

Lehenengoek ez dute zedarriztapen-arazorik sortzen, oso argiak direlako, adib. Zuzenbideko errekurtsoa, edo Taxonomiako txantxangorria.

Hauetan sortzen den arazoa pertinentziarena izaten da, hau da, ea benetan erabileremu bateko termino trinko diren ala hizkuntza orokorreko hitz arruntak diren erabakitzea.

Unitate konplexu edo izendapen-sintagmak bi edo hiru hitzez, edo gehiagoz, osatutako hitz-andanak izaten dira.

Ezin dira banatu esanahia aldatu gabe.

Erreferentzia bakarreko sintagmak dira, beraz; nozio bakarra adierazten dute eta adierazitako nozioaren izendapena dira.

Sintagma terminologikoak bereizteko irizpide objektiboak

Irizpide hauetako batzuk formalak dira eta beste batzuk semantikoak.

Banan-banan harturik ez dira aski zehatzak termino sintagmatikoak bereizteko; batera erabili behar dira eta, hala ere, zedarriztapen-zalantzak maiz azaltzen dira.

1. Konplexutasun-mugak. Sintagma luzeak, termino konposatuak dauzkatenean, segmentutan ebaki behar dira.

Pentsa adib. garraio-mota desberdinak, batetik, itsas garraioa, aireko garraioa, trenbide-garraioa, ibaiko garraioa... eta garraia daitezkeen salgaiak bestetik, burdina, ardiak, txatarra, laranjak, ikatza, petrolioa,...

Horien konbinazio posible asko aurki litezke garraioen estatistikak aztertzen dituen testu batean (laranjen trenbide-garraioa, laranjen itsas garraioa, petrolioaren itsas garraioa...), baina horrek ez du esan nahi konbinazio gurutzatu guztiak garraioetako terminoak direnik eta beren osotasunean hustu behar direnik.

2. Sintagma ez da definizioarekin nahastu behar.

Adibidez, terminotzat jo al daiteke ildoak eginez lurra lantzeko balio duen nekazaritzarako tresna?

Badirudi, izendapena baino gehiago dela deskripzioa.

Unitate deskriptiboak terminoak sailkatzeko erabiltzen dira.

Hala ere, zenbait erabileremutan, erraz aurki daitezke bide honetatik sortutako termino luzeak, hala nola Teknologian, bilkari-profileko horztun ardatzentzako fresa ama, edo Administrazioan, ibilgailuen zirkulazioari buruzko udal-zerga.

3. Oinarri bakarrekoa izatea.

Heraldikako gurutzez laurdendutako armarria San Andresen itxoroskiekin osorik hartzea baino hobe litzateke bi zati egitea: gurutzez laurdendutako armarri eta San Andresen itxoroski.